Irten eta kitto!

*Nagore Irazustabarrena Uranga / ARGIA

Hego Euskal Herria, 1986ko martxoaren 12a. Espainiako Estatuko NATOri buruzko erreferendumean lau lurraldeetan hauxe izan zen emaitza: ezezkoa bozkatu zuen %40,9k, baiezkoa %21,5ek eta %34,9ko abstentzioa izan zen. Abstentzioa kontuan hartu gabe, %60ak bozkatu zuen kontra (%68,2  Gipuzkoan, %64,2 Bizkaian, %59,9 Araban eta %52,7 Nafarroan) eta, hala, euskal gizarteak ezezko borobila eman zion aliantza militarrean sartzeari.

Edo, zehatzago esanda, euskal gizarteak aliantzatik irtetearen alde egin zuen, Espainiak ordurako lau urte baitzeramatzan NATOn. UCDko Leopoldo Calvo Sotelo buru zuen espainiar gobernuak 1981eko abenduaren 10ean bozkatu zuen NATOrekin bat egitearen alde –1982ko maiatzaren 30ean indarrean jarriko zena–.

Estatuan baiezkoak irabazi zuenean (%56,85arekin) hauexek izan ziren orduko lehendakari Jose Antonio Ardanzaren hitzak: “Emaitza ona da Espainiarentzat, Europaren parte izatea eta Europan parte hartzea berretsi delako. Modernitaterantz eta demokraziarantz aurrera egiten ari garela adierazten du”

Bozketa hartan PSOEk ezezkoa eman zuen, OTAN, de entrada no (NATO, sarreratik ez) hitz jokoa lelotzat erabilita. 1982ko urrian, hauteskunde orokorretan PSOEk gobernua eskuratu zuen, eta kanpaina hartan Felipe Gonzálezek NATOri buruzko erreferenduma egingo zela hitzeman zuen. Ia lau urte eta presio sozial handia behar izan zituen hitza betetzeko, eta, tarte horretan, jatorrizko ezezkoa baiezko irmo bihurtzeko trikimailua gauzatzeko gai izan zen presidentea; Hego Euskal Herrian, Katalunian eta Kanariar Uharteetan soilik irabazi zuen ezezkoak.

EAJk, aldiz, NATOn sartzearen aldeko botoa eman zuen 1981eko abenduko kongresuko bozketa hartan, baina 1986ko erreferendumaren ateetan agerian geratu zen alderdiaren zatiketa, urte hartan bertan gauzatuko zena: Carlos Garaikoetxea ezekoarekin lerratu zen; Xabier Arzalluz, berriz, baiezkoarekin.

Estatuan baiezkoak irabazi zuenean (%56,85arekin) hauexek izan ziren orduko lehendakari Jose Antonio Ardanzaren hitzak: “Emaitza ona da Espainiarentzat, Europaren parte izatea eta Europan parte hartzea berretsi delako. Modernitaterantz eta demokraziarantz aurrera egiten ari garela adierazten du”. Euskal gizarteak erreferendumean lortutako emaitzekin ez ikusiarena egin zuen.

Bere alderdia zatitzen ari zen bitartean, hainbat euskal eragile eta mugimendu (subiranozaleak, ekologistak, antimilitaristak…) batzea lortu zuen kanpaina indartsu eta eraginkorrari entzungor egin zion.

Kanpaina hartako lelo nagusietakoa NATO ez, irten eta kitto! izan zen, 40 urtetan gaurkotasunik galdu ez duen eta, egun, sekula baino biziago dagoen leloa.