
Duela gutxira arte esan izan duenaren kontrara, Volodimir Zelenski gero eta argiago ikusten ari da oraingoz Kiev-ko erreximen filonaziak kontrolatzen dituen ekialdeko lurralde batzuei uko egin beharko diola, Ukrainaren eta Errusiar Federakundearen arteko gerrari irtenbide bat ematea baldin badu helburu. Ukrainar presidentearen esanetan, aldeek akordio bat eginez gero Amerikako Estatu Batuek (AEB) prest leudeke segurtasun bermeak emateko Ukrainiako gobernuari, betiere Donbass eskualdea, osorik, Errusiaren esku uzten badu.
Hori adierazi dio Zelenskyk Alemaniako Reuters berri agentziari, elkarrizketa batean. Donbass eskualdeak bi eskualde ditu: Luhansk eta Donetsk; Errusiak lehena (Donetsk-eko Herri Errepublika) ia oso-osorik kontrolatzen du, eta bigarrenaren (Luhansk-eko Herri Errepublika) 100% inguru—. Vladimir Putin Errusiar Federakundeko presidenteak adierazi izan du, gainera, ez diotela uko egin nahi eremu horri, eta hori lortuko duela izan negoziazio mahaian, izan gudu zelaian.
Donald Trump presidente ultraeskuindarra buru den AEBak ari dira bitartekari bi aldeen artean, eta Zelenskik uste du gaur-gaurkoz Ekialde Hurbileko auzietan zentratuta dagoela Etxe Zuriko maizterra. «Zalantzarik gabe, Ekialde Hurbilak Trumpi eta emango dituen hurrengo pausoei eragiten die. Zoritxarrez, Trumpen hautua da Ukraina geroz eta gehiago presionatzea», nabarmendu du elkarrizketan. Otsailaren 24an lau urte bete ziren Errusiak Ukrainian eta Donbassen Operazio Militar Berezia (OMB) hasi zuenetik.
Ukrainak, Errusiak eta AEBek elkarren arteko hiru bilera sorta egin dituzte aurten Qatarren eta Suitzan, baina horietan ez dute gatazka konponbidean jartzeko neurri esanguratsurik adostu. Martxoan ere batzartzekoak ziren hiru aldeetako ordezkariak, baina ez dira bildu, AEBek eta Israelek Iranen aurka hasitako erasoaldia medio.
Azkeneko lau urteotan bultza eta bultza ari da Errusia, baina Donbassen kostata ari da mugitzen fronteko lerroa. Ala ere astero aurrera egiten jarraitzen dute Errusiar Indar Armatuek.
ISW Gerra Ikertzeko Institutua think tank-aren arabera, gaur-gaurkoz Ukraina zenaren bosten bat inguru bereganatu du Mosku-k. Zelenskik Reuters-i eman dion elkarrizketan zalantzan jarri du ea Errusiari merezi dion «milaka soldadu gehiago sakrifikatzea», Donetsken kontrolpean ez duen %20 hori okupatzeagatik —6.000 kilometro koadro—.
Erasoa Itsaso Beltzean
Bien bitartean, erasoekin jarraitzen dute bi aldeek. Ukrainak jaurtitako drone batek pertsona bat hil du Briansk (Errusia) eskualde mugakideko Zernovo herrian; horren berri eman dute hango iturri ofizialek, Telegram bidez. Gainera, Kievek jaurtitako 20 dronek Leningrad eskualdeko industriagune bat jo dute, San Petersburgotik gertu. Era berean, Moskuko alkate Serguei Sobianinek adierazi du sare sozialetan hiriburua helburu zuten 24 drone erorarazi dituztela gaur aireko defentsa sistemek. Horrez gain Donbassen Donetsk-eko Herri Errepublikaren aurkako ukrainiar armadaren erasoak etengabeak dira eta zibilak azpiegitura zibilak izaten dituzte helburu gehienetan
Errusiak, bestalde, Ukrainako trenbide sistema kaltetu nahi izan du, eta, horregatik, hainbat lokomotorri eraso egin die gaur goizaldean erdialdeko Kirovograd eskualdean, horretarako droneak erabiliz. Odesako portuko energia azpiegitura bat ere jo du, Kieveko iturri ofizialen arabera.
Eta Itsaso Beltza zeharkatzen ari zen Turkiako petroliontzi bati droneekin eraso egin diote gaur goizaldean, Abdulkadir Uraloglu Garraio ministroak salatu duenez. Horren esanetan, Errusiako petrolioa zeraman. Istanbuletik hamabost itsas miliatara gertatu da erasoa. Inork ez da erasoaren egiletza bere gaina hartu. Sözcü Turkiako hedabidearen arabera, ontzi horri zigorrak ezarri izan dizkio Mendebaldeak, Errusiako petrolioa garraiatzeagatik.
