
*Asier Blas Mendoza / ARGIA aldizkaria
Azken egunotan AEBetako ordezkaritza zabalak Txinara egindako bisitak arreta berezia piztu du, ez hainbeste emaitza zehatzengatik, baizik eta sortutako irudiagatik. Donald Trump presidentea, bere administrazioko goi‑karguak eta kapitalismo iparramerikarraren oligarka ugari elkarrekin joan ziren Pekinera. Une historikoa izan zen: hegemonia zaharrak hegemonia berriari bisita egin eta haren indarra modu isilean aitortu zuen eguna. Txina, berriro ere, munduaren erdigunea da. Handik gutxira, Errusiako presidenteak Pekinera egindako bisitan, AEBen bidaian falta izan ziren emaitzak gauzatu zituen, bere aliatuarekin akordio estrategiko ugari sinatu baitzituen.
AEBen bisitaren atzean, agenda ofizialetik harago, mendebaldeko Asiako gatazkek eta Ormuzko itsasartearen arriskuek lekua hartu zutela pentsa daiteke. Trumpek Iranen aurka hasitako gerrak ondorio ekonomiko eta politiko nabarmenak ekarri ditu, AEBen irudia kaltetzeraino. Testuinguru horretan, Txinara jotzea Iranen aliatu estrategikoaren bidez tentsioa baretzeko bideak bilatzeko saiakera gisa ulertu daiteke, nahiz eta hori publikoki aitortu ez. Izan ere, AEBetako hauteskundeak gertu egoteak presioa areagotzen du.
Ormuzko itsasartetik petrolio jarioaren zati handi bat igarotzen da, eta azken asteetako erasoek eta blokeo mehatxuek berriro erakutsi dute energiaren kontrola geopolitikaren erdigunean mantentzen dela. Tentsioek zuzenean eragiten dute prezioetan, eta handik herritarren eguneroko bizitzara hedatzen dira.
Su‑eten posibleak ez dira hainbeste borondate diplomatikoaren ondorio izango, baizik eta AEBetako barne‑politikaren presioen emaitza
Baina Ormuzek ez du energia soilik ordezkatzen. “Blokeoaren diplomazia” sendotzen ari da, presio militarra negoziazioaren tresna bihurtuta. Gatazkak gero eta gutxiago dira gerra edo bake egoera argiak, eta gero eta gehiago dira tentsio iraunkorraren kudeaketa, non egonkortasuna ez den bakea, baizik eta kontrolatutako ezegonkortasuna.
Testuinguru horretan ulertu behar da Txinako bisita. AEBek Pekinera jo dutenean mendebaldeko Asiako tentsioak baretu nahian, aitortzen ari dira Txinak gero eta pisu handiagoa duela mundu mailako gatazketan. Xi Jinpingek “Tuzididesen tranpa” saihestu beharra azpimarratu du: gorantz doan potentziaren eta beherantz doanaren arteko talkak historian sarritan gerra ekarri duela gogorarazi du. Oraingoan, badirudi talka saihestea baino gehiago hura kudeatzeko gaitasuna dagoela jokoan.
Taiwanen inguruko tentsioak testuinguruaren parte dira, baina ez dira ardatz bakarra. Segurtasuna, teknologia eta hornidura‑kateak gurutzatzen diren espazioa dira, eta horrek ziurgabetasuna areagotzen du.
Azken batean, Asiako tentsioek mundu multipolarraren eraikuntza nahasiarekin konektatzen gaituzte. Horren erakusgarri izan zen BRICSen azken bilera ere, non blokeak ez zuen adierazpen bateraturik lortu Iranen inguruan. Hego Globala indartu da, baina ez da bloke homogeneoa, eta horrek are konplexuago egiten du boterearen birbanaketa.
Baliteke aro hau ez izatea gerra handien garaia, baizik eta krisi txiki baina etengabeena. Testuinguru horretan, su‑eten posibleak ez dira hainbeste borondate diplomatikoaren ondorio izango, baizik eta AEBetako barne‑politikaren presioen emaitza. Hala ere, su‑eten horiek ez dute gatazkaren benetako konponbiderik ekarriko: gatazkak izoztu egingo dira, eta edozein unetan berriro pizteko moduan geratuko dira. Nazioarteko araudi sendo baten faltan, tentsio iraunkorra normalizatzera doa, eta gerraren eta bakearen arteko muga gero eta lausoago geratuko da. Noiz arte?
