Serbia aldaketarantz? Irakurketa neokolonialetatik haratago

Duela aste batzuk izan ziren hauteskunde parlamentarioak Serbian. Ikasleen Zerrenda garaile atera zen, hamarkada eta koska boterean zeramatzan Serbiako Alderdi Aurrerakoia (SNS) garaitu eta parlamentuan gehiengo erabatekoa lortuta.

*Jon Kortazar Billelabeitia / ARGIA aldizkaria

Hauteskundeok praktikoki Aleksandar Vuić lehendakari ohiaren agintaldiaren inguruko erreferendum gisa bozkatu zuten, are gehiago jakinaz hauteskundeak izan baino aste batzuk lehenago Vuićek Estatuburutzatik dimititu zuela hauteskunde hauetan Gobernuburutzarako SNSren hautagaia izateko. Erreferendumaren “bigarren itzulia” abenduan izango dugu, hau da lehendakaritzako bozetan; litekeenez SNSren hautagaia Ana Brnabić jarduneko lehendakaria izango da. Ikasleen Zerrendarena jakiteke dago, orain Gobernuburu zein den jakiteke dagoen moduan. Ilija Srdanović medikuarena eta Jovan Bakić soziologoarena, kontserbakorragoa lehena, ezkertiarragoa bigarrena, dira gehien entzuten diren izenak baina erabakitzeke dago oraindik (horrela baita ere, Vuićen lidergo-estiloarekin antagonizatu nahi izan dute: “hautagaitza kolektiboaren” itxura indartuz).

Oso berritzailea izan da ikasleek gorpuztutako mobilizazio eta asanblada-egituretatik sortutako mugimendu batek sortutako zerrenda batek (“ikasleen hautagaitza” ez dut esan, izan ere hautagaiak ez baitziren ikasleak, baldintza hori jarri zuten oportunistak uxatzeko). Hala ere ezer gutxi informatu digute euren inguruan. Mendebaldetik egin diren irakurketa gehienak nagusikeriaz josiak izan dira: “europarzaleak ote diren”, “diktadorearen” kontrako garaipena (oharra: Vuićek Europar Batasuneko zenbait agintarik baino aiseago onartu du porrot demokratikoa), “nazionalistak ote diren”, “nazionalistagoak ote diren”, “Errusiak galdu edo irabazi ote duen” edo halakoak izan dituzten goiburu, xake-taula baten parte izango balira, serbiarrek beren nahi propiorik izango ez balute moduan. Ironikoa da: orain ikasle “europarren” garaipena dimentsio horretan goratzen ari diren berdinak aste batzuk lehenago Mladićen hileta zela eta (bis oharra: ez zen Estatuak antolatutako hileta izan, askok hala zabaldu bazuten ere) serbiarrekiko sekulako irainak botatzen ari ziren. Nagusikeria bietan. Agian Serbia aldatuko da, lan handia beharko du; Europak zenbait herrirekiko duen begirada neokoloniala aldatzeak ordea lan handiagoa ekarriko du.

Ideologikoki, ezer gutxiko distantzia izan zen bi hautagaitzen artean. Vuićen kudeaketa-alderdi “ez ideologikoa” (nazionalista, baina ez gehiegi, europarzalea, baina ezta gehiegi ere, liberala pixka bat, kontserbakorra beste pixka bat, sozialdemokrata akaso) bestelako “catch-all party” batekin antagonizatzea biderik onena delakoan lehiatu dira definizioetatik at. Vuićen orain arteko nazioarteko politika “bektore-anizkoitzetako harremanena” aldatuko ez dutela ere esan dute: zigorrik ez Errusiari, Europar Batasunarekin elkarrizketak jarraitu, Txinaren inbertsioekin jarraitu. Momentuz azaldu duten aldaketa bakarra Israelekiko harreman militarrak (bestelakoak ikusteke dago) etetea da kanpo politikan Vuićekiko azaldu duten ezberdintasunik handiena, orain arte SNSren Gobernuek harreman komertzial estua garatu baitu Zer-Izate Sionistarekin (eta are gehiago Republika Srpskako Milorad Dodikek).

Aipa ditzagun baina Vuićen kontrako protestak piztu dituzte hiru txinpartak: Belgrad aldatuko duen Waterfront proiektu urbanistiko eta ustez espekulatiboa, petrodolarrez finantzatutakoa; Serbiako litioa Europar Batasuneko konpainia bati merke saldu izana; eta Novi Sadeko tren-geltokian txinatar konpainia batek berriztatutako markesina bat erori eta hamasei pertsona hil egin izana. Waterfronten emirrerritarrak, litioaren aferan Mendebaldeko europarrak, Novi Saden txinatarrak: Vuićen nazioarteko harremanen erakusgarri eta aldi berean ikasle-mugimenduaren oposizioaren arrazoi aniztasunarena –eta etiketa errazekin laburtzeko zailtasunarena- baita ere.

Halako oposizio “ideologia anizkoitzak” sortzea ez da guztiz berria Serbiaren historian, 2000ko (eta hein batean 1991ko) Miloševićen aurkako protestek –orduan ere ikasleak nagusi- bazuten hartatik zerbait, orduan kutsu “antikomunista” bat bazen ere, bestelako ideologia ustez kontrajarriek, liberalek eta nazionalistek, bat egin zuten. Orduan egin beharreko galdera berriz planteatu da orain: eta orain zer? Aldatu baina zertarako?

Hauteskundeei so egiten badiegu, Ikasleen Zerrenda hiri handietan eta zonalde populatuenetan gailendu da: Belgraden, Novi Saden, Nišen, Vojvodina Mendebaldean eta Užice-Čačak-Valjevo-Šabac eskualde horretan. Deigarria da baita ere alderdi bozkatuena izatea Novi Pazar hiri musulmanean, alderdi etniko bosnakiarren gainetik. SNSk ordea dentsitate txikietako guneetan lortu dio eustea: Vojvodina Ekialdean, eta Pirot-Vranje eskualdean. Hau da, hirietan argi irabazi du Ikasleen Zerrendak, baina landaguneak soilik kontutan hartuko bagenitu, SNSk tarte estu bategatik irabaziko zukeen. Ikasleen Zerrendaren programan puntu “deszentralista” batzuk agertzen baziren ere, adibidez landagunetako lehen hezkuntzako eskolen finantzaketa hobea eta mediku-arreta txoko guztietan bermatzea (hautagaitzan ere “gehienezko” kupo bat jarri diete belgradar hautagaiei, gain-ordezkaritzarako joera hausteko) bazen ere, gune horietara iristea kostatu zaie. Baita ere populazioaren sektore edadetuengana, izan ere hauek SNSren aldeko botoa eman baitute: inkesta baten arabera 65 urtetik gorako populazioa izan da Vuić gailendu den adin-sektore bakarra. Kontrastean, inkesta beraren arabera, 18 eta 24 arteko lautik hiruk Ikasleen Zerrendaren alde bozkatu dute (inkesta horrek gainera dioenez, ikasleen gurasoek ere babesa eman diote zerrenda horri.

Vuićen aldekoen arteko bigarren adin-sektorea 35-44 artekoa da, hau da, guraso gutxien dagoen adin-sektorea). Kontuan izan behar da baita ere SNSk bere boto-oinarriari eutsi diola; hau da, aurreko oposizioa biltzeaz gain abstentziotik mobilizatutakoak –parte hartzeak %11 egin du gora- eta lehen aldiz bozkatu zutenak dira Ikasleen Zerrendari garaipenaren gako. Azkenik, ikerketa demoskopikoen arabera bozka-emailearen sexua ez da erabakigarria izan: emakume zein gizonek antzeko ehunekotan bozkatu dituzte bi zerrenda nagusiak. Datu hauen arabera, beraz, bada populazio-sektore bat, eta ez txikia, SNSren politikek asebete egin dutena: ziur aski ekonomia arloko emaitza nahikozkoa (Serbia azken urtetan Ebko kire den Kroazia beste hazi da, eta EBko beste herrialde batzuk baino gehiago), pentsioen igoera eta batez ere nazioarteko diplomazia, populazioaren oihartzun handia duen gaia, Vuićen “bektore-anizkoitzeko politikak” nazioartean paria bezala zen Estatua berriz ere “entzuna” eta errespetatua edo gutxienez “onartua” lortu izanaren ustea jende askorentzat emaitza estimagarri dezentekoa da Serbian.

Nola irakurri beraz guzti hau? SNSk bere bozka-oinarria gorde badu, hau da, hein handi batean orain arte bozkatu dutenak balekotzat jo badute, zergatik bozka-emaile berri ia denak joan dira Ikasleen Zerrendara? “Ustelkeriak” soilik azaltzen du dena? Agian gako bat izan da ideologien edota datu makroekonomikoen gainetik, “aldarte” bat nagusitu dela: Vuićek belaunaldi bati huts egin dionaren aldartea, ustelkeria-kasuak aldarte horren pizgarri izan direlarik. 2021ean Gobernuak “2030 Hezkuntza-Garapena” plana atera zuen, erreforma handi bat iragarriz. Garai haietan nazioarteko foroetan Serbiako goi-hezkuntzaz liluraz hitz egiten zen, “TACTICS” delako goi-hezkuntzan izar ziren herrialde-taldearen parte aipatzen zen. Baina honek ez du emaitzarik eman giza-ongizatean, emigrazioak, batez ere gazte kualifikatuen artean, herria odolusten jarraitu du: 2004-2020 artean milioi erdi biztanle galdu zituen herrialdeak, eta hurrengo sei urteetan beste 350.000 bat biztanle: zazpi milioi eta erditik sei milioi eta erdi pasatxora (datuok, Kosovoko eskualde okupatua kontutan hartu gabe). Hezi bai, baina badirudi hezitakoek ikasitakoa herrialdean lanean jartzeko baldintza gabe jarraitzen dutela. Honakoan ere, Mendebalde aberatsaren (zeinak, ez dezagun ahaztu, herrialdea ekonomikoki ito eta bonbatu egin zuenak) aldeko desoreka ekonomikoaren itzalak duen eragina ere ikertzeko dugu. Honek ekarri du gazteak mobilizatzea, orain ikusi beharko da amorrua besterik ez den edo politizazioa ere baden.

Beraz, gauza asko daude zabalik. Analista gehienek aipatu dute Ikasleen Zerrendaren lehen erronka “negatibotik” “eraikitzailera” pasatzean kohesioari eustea dela, baina ez da erronka txikiagoa SNSk duena: ideologia gibeleratu eta “kudeaketa” lehenetsi duen alderdi batentzat kudeaketa tresnak galtzeak koadroen leialtasuna galtzea ekar baitezake. Nazioarteko politikan jarraituko duten ildoaz ere gauza asko daude argitzeke: momentuz Ikasleen Zerrendak iragarri du ez dizkiola Errusiari zigorrik jarriko eta txinatar proiektuak ez dituela bertan-behera ere utziko, hori bai, “serbiar legeak zorrotz betearaziko” dituela ñabartuz. Hala ere, artikulua begirada neokolonialari buruz mintzatzen hasita, honi buruz ere buka dezakegu. Mendebaldeko prentsatik orain arte botatako etxafuegoak gora-behera, Gobernu berriak zaharraren “bektore-anizkoitzeko harremanekin” jarraitzeak Mendebaldeko propagandista ideologikoek (kazetetan zein kantzileritzetan egon) eraikitako irudi ikoniko bat erortzea ekar dezake: Mendebaldearekin (guztiz) lerratu gabeko herrialdeek bide hori “Gobernu autoritarioak” direla eta hartu dutela eta demokraziak edo txandakatzeak “Europarako bidera” daramala adierazten duena. Serbian Gobernu-txandakatzeak eta “autoritarismoa” lekutzeak Mendebalderako bidea hartzea ondorio moduan ekartzen ez badu, aldaketa politiko demokratiko hau mundu-mailako aldaketa baten adierazle bat bihurtu daiteke: XXI mendeko hegemonia-aldaketarena eta polo berrien erakargarritasunarena.