Washingtonen uzta: Iranen galdu, Latinoamerikan irabazi

*Asier Blas Mendoza / BERRIA

AEBen eta Iranen arteko su-etena AEBen dekadentzia geopolitikoaren beste mugarri bat da. Gerra hasi zenean Washingtonen helburua nagusitasun militar eta politikoa berrestea bazen ere, emaitzak kontrakoa erakutsi du: Iranek subiranotasuna eta eskualdeko eragina indartuta atera ditu, petrolio esportazioak berraktibatu ditu eta atzerrian izoztuta zituen milaka milioi dolarreko aktiboak berreskuratzeko aukera zabaldu zaio. Aldi berean, Trumpek berak su-etena defendatu behar izan zuen, Ormuzko itsasartearen blokeoak energia-horniduran eta munduko ekonomian eragin zezakeen kolapsoaren beldur.

Horrek guztiak erakusten du AEBek gero eta zailtasun handiagoak dituztela nagusitasuna inposatzeko. Hegemoniaren gainbehera geldiarazteko, proxy gerrak, gerra ekonomikoak eta zuzeneko esku-hartze militarrak erabiltzen ditu. Testuinguru horretan, bere bi “atzeko patioak” posizio subalternoan mantentzea funtsezko bilakatu zaio: berria, Europar Batasuna; zaharra, Latinoamerika.

Duela urte gutxi arte Latinoamerikako mapa politikoak “bigarren olatu arrosa” iradokitzen zuen. Lula Brasilen, López Obrador Mexikon, Petro Kolonbian, Boric Txilen, Arce Bolivian, Castillo Perun eta Xiomara Castro Hondurasen boterera iritsi izanak ezkerreko gobernuen aro berri baten irudia eskaintzen zuen. Gaur egun, ordea, panorama erabat bestelakoa da.

Latinoamerikako indar soberanista eta aurrerakoien zutabe nagusiak Mexiko eta Brasil dira, eskualdeko bi potentzia handienak

Azken urteetan hainbat herrialdetan ezkerreko gobernuen ondoren eskuinekoek bereganatu dute agintea: Argentina, Panama, Honduras, Bolivia, Peru, Txile eta Kolonbia. Baina joera berria ulertzeko ez da nahikoa gobernu aldaketak zenbatzea. Beste herrialde batzuetan ez da alternantzia ideologikorik izan, baina eskuinak boterea sendotu du. Horren adibide dira El Salvador, Ekuador, Paraguai, Dominikar Errepublika eta Costa Rica. Kontrako norabidean, salbuespen bakarra Uruguai da. Yamandú Orsi-ren garaipenarekin Fronte Zabala moderatua boterera itzuli da.

Hala ere, kontua ez da kuantitatiboa soilik, kualitatiboa ere bada. Hala-nolako ezkerreko gobernu batzuk mantentzen dira oraindik (Brasil, Mexiko, Uruguai, Kuba, Nikaragua eta Venezuela), baina haien posizio estrategikoa eta geopolitikoa ahuldu da. Kubaren kasuan, AEBen blokeoak eta presioak Habanako gobernua bultzatu dute merkatu-mekanismo gehiago onartzera eta ekonomia malgutzeko erreformak egitera. Are esanguratsuagoa da Venezuelaren egoera. AEBek Maduro bahitu ondoren, Delcy Rodríguezen gobernuak Washingtonekiko harreman pragmatikoagoa garatu du, petrolioaren sektorean AEBen presentzia indartuta eta Caracasen orientazio geopolitikoa aldatuta.

Gaur egun, Latinoamerikako indar soberanista eta aurrerakoien zutabe nagusiak Mexiko eta Brasil dira, eskualdeko bi potentzia handienak. Hala ere, Brasilen PT eta Lula makalduta daude eta aurtengo hauteskundeetan boterea galdu dezakete. Testuinguru horretan, Mexiko gero eta garrantzitsuagoa bihurtzen da. Trumpismoa Latinoamerikan pilatzen ari den uztan, sagar ustel nagusia da. Mexikok autonomia estrategikoa mantentzen badu, eskualdean bestelako proiektu geopolitiko baterako aukera batzuek irekita jarraituko dute. Bestela, herrialde txikiagoetako gobernu aurrerakoien aukerak oso mugatuak izango dira.

Hala ere, azken hitza ez dago idatzita. Txinak ez du bere harreman ekonomikoa gobernuen sentsibilitate ideologikoaren arabera baldintzatzen, eta bere gaitasun ekonomikoa hain da handia, ezen gaur egun Washingtonen garaipenak diruditenak, agian bihar ez diren hain garbi horrela interpretatuko. Ikusteko dago.