“Europak ezin die ezikusiarena egin Errusiaren ohartarazpenei”, idatzi nuen 2025eko irailean. Orain, ohartarazpen horiek askoz zorrotzagoak dira. Argi eta garbi adierazten dute Errusiaren eta NATOren arteko Ukrainako gerra aurten hedatu egin daitekeela, eta zuzenean europarrak inplikatu, bereziki alemaniarrak. Laster Moskuk ultimatum bat eman liezaieke europarrei. Europar Batasunak aldarrikatzen duen «errusiar mehatxuaren» histeria baieztatzen al da, orduan? Jakina, horrela interpretatu eta interpretatuko dute Berlin, Brusela, Londres eta Parisko ergel tematiek. Baita beren propagandisten armada tamalgarriak ere, belarritik tiraka gerrara garamatzaten horiek.
*Rafael Poch de Feliu / ARGIA
Europar Batasunaren desintegrazioa ekiditeko eta berrarmatzea justifikatzeko baliabide bat besterik ez da «Errusiaren mehatxua». Gauza asko arrakalatzen ari direnean, etsai gaizto horren kanpo-mehatxua garrantzitsua da, barne mailan gero eta desegituratuago dagoen eta munduan garrantzirik ez duen klub europar baten kohesio-elementu gisa. Hori argi dago. Baina «errusiar mehatxua» beste gauza bat ere bada: auto-betetzen den profezia; jatorrian sinesmen faltsua, baina azkenean berak dioena gertatzea eragiten eta elikatzen duena.
Zure txakurrari edo katuari hatza begian sar diezaiokezu eta, aldi berean, iragarri hozka edo harramazka egingo dizula, ziur zaudelako azkenean horixe gertatuko dela.
Horixe gertatu zen 2022ko otsailean Ukrainaren inbasio tamalgarriarekin, Mendebaldeko establishment-aren kontakizunak «unprovoked» (ez probokatua) adjektiboarekin batera jartzen duena duena beti –Iranen aurkako gerran ez bezala, bide batez esana–. Gaur egun, Errusiarekin zerikusia duen ororen deabrutzeak itsututa ez dagoen jendeak badaki 2022an Moskuk 30 urte baino gehiago zeramatzala Gorbatxoven SESBi agindu zioten «segurtasun kolektiboko arkitektura europar» hura eskatzen. Jende horrek badaki Errusiak NATOren hedapenari ezarri zizkion «lerro gorri» guztiak gainditu zirela, bata bestearen atzetik. Hori lehen lerroan bizi izan genuenok –ahal izan genuen modurik argienean eta zuzenenean eman genuen horren berri, gure hedabideen egiturazko ustelkeria kontuan hartuta–, Javier Solana NATOko Idazkari Nagusiaren irribarre memeloa gogoratzen dugu, Moskun bertan esanez hedapenaren aurkako jarrerak ez zeukala zentzurik, «gerra hotza amaitu zelako» eta «jada ez garelako etsaiak».
Biden presidenteak adierazi zuen Ukrainari ezin zitzaiola tankerik eta hegazkinik eman «horrek Hirugarren Mundu Gerra eragingo zuelako». Hori baino askoz gehiago egin da dagoeneko
Errusiako jeneral handi usteek (eta ez horiek bakarrik, baita lehen mailako Mendebaldeko aditu eta estratega ugarik ere) askoz ere errealagoa eta zehatzagoa den zerbait hartu zuten aintzat. Bismarck kantzilerraren esaera hau: «Garrantzitsua ez da asmoa, gaitasunak baizik». Zer esan nahi du horrek? Tipo bat errebolber batekin apuntatzen ari bazaizu eta, aldi berean, esaten badizu ez duela zuri tiro egiteko inolako asmorik, kontua apuntatzen zaituen errebolberra da, eta ez tipoak dioena. Oso oinarrizkoa da.
Lehenbizi Erdialdeko Europa izan zen, gero Ekialdeko Europa, Baltikoa eta Itsaso Beltza. Bitartean, gerra bat izan zen, helburu zuena Jugoslaviako anomalia desegitea eta NATO beharrezkoa zela frogatzea «gerra humanitario” baten bidez. Misilen aurkako bateriak instalatzera iritsi ziren Polonian eta Errumanian «Iranen aurka» (ez zuena halako gaitasunik), bateria horiek misil nuklearrekin kargatu zitezkeen eta Errusiaren disuasio nuklearra deuseztatzeko gai ziren. Eta horrela iritsi zen Ukraina Errusiaren aurkako bloke militarrean sartzeko gonbita (2008), ukrainar gehienek errefusatzen zutena.
Kieveko erregimen aldaketa izan zen hurrena: ukrainarren zati baten matxinada etnonazionalista eta estatu-kolpea nahasi ziren, biak Mendebaldeak hauspotuak. Errusiaren kontsolaziozko erantzuna etorri zen hurrena eta Krimearen legez kanpo anexionatu zuen, bertako herritar gehienen babesarekin. Ukraina ekialdean eta hegoaldean herri-matxinada bat piztu zen Mendebaldearekin lerrokatutako Kieveko gobernu berriaren aurka, eta Ukrainako armadak «terrorismoaren aurkako operazio» batekin erantzun zion. Matxinada hark ez zuen Moskuren babes esanguratsurik izan, behintzat estreinako hiruzpalau hilabeteetan.

Ordutik, eta errusiarren inbasio «ez probokatua» gertatu arte, Mendebaldeak ez zituen akordioak bete eta asmo txarrez aritu zen –urte batzuk geroago Frantziako presidenteak eta Alemaniako Kantzilerrak aitortu zutenez–. NATOk finantzaketa masiboa eta prestakuntza militarra eman zizkion Ukrainari, CIAren eta MI-6 britainiarraren parte hartze handiarekin. Horrek guztiak argi eta garbi iragartzen zuen Donbas errebeldearen aurkako esku-hartze militarra, ordurako bai, errusiar presentzia militar esanguratsuarekin; eta horrez gain, iragartzen zuen Krimearen errekonkista militarra ere, Kievek AEBekin egindako aldebiko akordioetan dokumentatua. Soilik orduan inbaditu zuen Errusiak Ukraina.
Orain gauza bera gertatzen da.
Gerra Hotzeko marra gorriak gaindituak
Mundu guztiak onartzen du Errusiak 2026an ez duela soilik Ukrainaren aurka borrokatzen; baizik eta, eta batez ere, NATOren aurka ari dela. AEBek enfrentamenduaren zamarik handiena europarrei transferitu badiete ere, Kremlinekin «negoziatzen» badute ere (Iranekin ere «negoziatzen» zuen), herrialde erasokorra eta erabakigarria izaten jarraitzen dute AEBek Errusiaren aurkako gerran. Gerra Hotz garaian muturreko arriskutzat hartuko zatekeenaren marra gorri guztiak gainditu ditu gatazkak. Gogora dezagun Biden presidenteak 2022ko martxoan adierazi zuela Ukrainari ezin zitzaiola tankerik eta hegazkinik eman «horrek Hirugarren Mundu Gerra eragingo zuelako». Hori baino askoz gehiago egin da dagoeneko:
– Errusiako disuasio nuklearrerako baliabide estrategikoei eraso egin zaie: alerta goiztiarreko radarrak, bonbardatzaile estrategikoen baseak.
– Putin presidenteak Novgoroden duen egoitzari eraso egin diote, eta horrek Irango Jameneiren hilketaren oihartzuna dakar. Witkof eta Kushner iruzurtiak izan ziren hilketa estali zutenak, Kremlinekin negoziatzen ari diren berberak. Negoziazio horretaz ez fidatzea sen on hutsa da.
– Errusiako lurraldea inbaditu dute Kursk eskualdean.
– NATOn agintea duten AEBetako jeneralek harro adierazi dute gaitasuna dutela Kaliningrad errusiarra lurretik eta denbora errekorrean hartzeko (Christopher Donahue jeneralaren hitzak joan den uztailean, AEBetako armadako komandantea Europan eta Afrikan, eta NATOko lurreko indarren komandantea).
– Asteroko biktima zibil errusiarren jario etengabea, nahiz eta Mendebaldean ez den ia horien berri ematen, ukrainarrenak ez bezala, zalantzarik gabe askoz ugariago direnak.
– Errusiako hirietan atentatuak egiten ari dira jeneralen aurka, beren etxeetan eta bonba-autoekin (lau hildako); kazetari eta diputatuen aurka (gutxienez lauzpabost hildako); eta eraso indiskriminatuak helburu zibilen aurka (bi tren, frontetik urrun dauden hirietan, eta abar).
– Itsasoan Errusiako zamaontzien aurkako atentatuak izan dira, eta jazarri egiten dituzte maiz.
– Eta hori guztia, besteak beste, Ingalaterrako, MI-6ko, AEBetako eta CIAko armekin, inteligentzia informazioarekin, sateliteekin eta abarrekin egiten da (The New York Times-ek aitortu du, besteak beste).

2026an Europa Errusiaren aurkako gerran murgilduta dago jada, bere historiaz ezer ulertu ez duela frogatzen ari den Alemania zoro batekin.
Berlinek Bundeswehr-a «Europako armada konbentzionalik indartsuena» bihurtu nahi du 2035erako, eta “maila goreneko indar teknologiko» 2039rako. (Adi datari: alemaniarrek Bigarren Mundu Gerra hasi zutenetik ehun urtera).
Apirilaren 22an Alemaniak bere estrategia militarraren inguruko txosten ofiziala argitaratu zuen. Dokumentuak adierazten du Errusia dela “Europako segurtasunerako mehatxurik larriena eta berehalakoena”. Hori baino aste bat lehenago, Pistorius Alemaniako Defentsa ministroak baieztatu zuen sei armamentu proiektu bateratu zituztela Kievekin: «Hau hasiera besterik ez da», adierazi zuen. Apirilean, Zelenskyk eta Merz kantzilerrak “Alemaniaren eta Ukrainaren arteko asoziazio estrategikoari buruzko adierazpena” sinatu zuten Berlinen. Adierazpenean, Alemanian irismen luzeko droneak batera ekoiztea aurreikusten da. Ukrainarako armen ekoizpena errealitate paneuroparra da jada; Alemania, Ingalaterra, Danimarka… Sánchezen Espainiak ere sinatu ditu zenbait gauza Ukrainarekin.
Testuinguru horretan, droneen gerrak kalte egin dio Errusiari. Duela hilabete batzuk bazirudien Kievek oraindik Donbasen kontrolatzen zituen eremuak azkar eroriko zirela Errusiaren eskuetan, baina droneek gelditu egin dute aurrera egite motela. Hori ez da Errusiako armadak gerra honetan jasaten duen lehen konplikazioa, ezta beren nahiak errealitatearekin nahasita, batzuek Errusiaren «porrota» ziurtzat jo duten lehen aldia ere. Baina hemen axola duena beste gauza bat da: guzti horren batura giroa berotzen ari da Errusian.
Hilabete batzuetatik hona presio handia dago Moskun, Kremlinak urratsa eman dezan «disuasio aktiboa» deritzonaren bidean: hau da, eraso egin dezan, bereziki Alemaniari, beranduegi izan baino lehen. Ukrainaren inbasioa azaltzeko Putinek 2022ko otsail hartan errusiarrei esan ziena errepikatzen diote berari: «Ez baditugu orain geldiarazten, egoera okerragoa izango da urte batzuk barru». Orain europarrak dira, baina.
Errusiatik heltzen diren abisuak argiak dira. Moskun dauden Mendebaldeko kazetariek zergatik ez dute horri buruzko informaziorik ematen?
Abisuak eta mehatxuak
Ukrainako inbasioaren aurretik bezala, orain ere «neurri tekniko-militarrekin» egiten du mehatxu Errusiak. «Gure aurkako erasoetan parte hartzen dutenak helburu militarra izango dira», esaten da. Errusiako Defentsa Ministerioak irismen handiko baliabideak fabrikatuz herrialdearen aurkako gerran parte hartzen duten Alemaniako eta Europako instalazio industrialen zerrenda argitaratu du. Argitu behar da kontua ez dela EBko lurraldea «inbaditzea», baizik eta egungo belizismo europarrari aurre egitea, prebentzio-ekintza militarrarekin. Ados egon zaitezke edo ez, baina ezin da ohar arriskutsu horren errealitatea alde batera utzi.
Errusiatik heltzen diren abisuak argiak dira. Bere izena aipatu gabe bada ere, Errusiako telebistan Putini erabakitasun falta aurpegiratzen zaio, eta hori berria da. Duela lau urte bezala, ohartarazpen horiei ez entzunarena egiten zaie Mendebaldean gaur egun ere. Ikus ditzagun azken adibide batzuk:
Dmitri Medvedev, Segurtasun Nazionaleko Kontseiluko presidenteordea, maiatzaren 6an: «Kalte onartezinak jasateko beldur basati batek bakarrik eragotziko du Alemaniak eta Europak Errusiaren aurkako beste eraso bat egitea «. (Jakina, «beste eraso bat» esatean, Alemania naziaren 1941eko ekainekoaz ari da).
Sergei Lavrov, Kanpo Arazoetako ministroa: «Argi eta garbi deklaratu digute gerra. Kieveko erregimena erabiltzen ari dira gure aurka. Hala ere, mundu guztiak daki abangoardia hori erabiltezina dela Mendebaldearen hornidurarik gabe: armak, inteligentzia datuak, satelite sistemak, militarren entrenamendua, eta askoz gehiago”.
Sergei Karaganov, Kremlineko think tank nagusiko ohorezko presidentea, maiatzaren 10ean: «Bi mundu gerra piztu zituen eta genozidioaren errudun bihurtu den herrialde batek ez du eskubiderik ‘Europako armadarik indartsuena’ izateko, eta are gutxiago suntsipen handiko armak edukitzeko. Hori lortu nahi izanez gero, Alemaniako herritarrek ulertu beharko lukete beren aberria suntsitua izango dela, Alemaniatik bakearen aurkako mehatxurik beste inoiz heldu ez dadin (…) Laster ultimatum bat botatzeko moduan izango gara, horrela jokatzen jarraitzen badute». (Putinek egun berean Errusiako prentsaren aurrean egin zituen adierazpenekin alderatu behar dira Karaganoven hitzak: Presidenteak esan zuen «Ukrainako gerra bere azken fasean» sartzen ari dela, eta hori, Errusiako «udako ofentsiba» bati buruzko txostenekin batera, hainbat modutan interpreta daiteke).
Karaganovek, iaz Errusiako doktrina nuklearra gogortzea lortu ondoren, honako hau proposatzen du orain (adi honi): «Lehenik eta behin, arma konbentzionalekin eraso egin Errusiaren aurkako gerran parte hartzen duten Europako herrialdeen funtsezko instalazioei. Ez badute erreakzionatzen, arma nuklearrekin egin eraso». Funtzionatzen ez badu, “Europako herrialderen batek desagertu egin beharko du”, dio. “Duela hiru urte horrelakoak esan nituenean, gutxiengoa nintzen”, azaldu du Karaganovek; orain, gehiengoaren ahotsa da militarren artean eta gizartean.
Kremlineko intelektual organiko hori ez da gobernuaren ahotsa, baina eragina du, eta doktrina nuklearra berriro ere moldatzea proposatzen du. Lehenik eta behin, arma nuklearren erabilera ahalbidetuta, arlo ekonomikoan eta teknologikoan indartsuagoak diren herrialdeek Errusiari arma konbentzionalekin eraso egiten badiote. Bigarrenik, eta harrigarriena: Putinek arma nuklearra erabiltzeko boterea Europako mendebaldeko frontearen ardura duen jeneralaren esku utzita, zeharka presidentearen ezgaitasun edo ahulezia iradokiz.
Porrota onartu ala eraso nuklearra jo?
Alexander Neu analista alemaniarrak dioen bezala, hasieran aditu gutxi batzuen eskaerak ziren; orain badirudi Errusiako gizartearen eta segurtasun-aparatuaren presioa handia dela «Europaren aurka zerbait egin dadin». Beste era batera esanda: Putinek ekiteko presionatuta ikusten du bere burua, berandu gabe ekiteko. Gerra Europako gainerako herrialdeetara zabal liteke 2026an. Eta Alemania orain Errusiaren lehen mailako etsaia da. Eta galdetzen diot nire buruari: Moskun dauden Mendebaldeko kazetariek zergatik ez dute horri buruz informatzen?
Egoera Gerra Hotzeko tentsio garaietan baino askoz arriskutsuagoa da, baina Europan ez dago horren kontzientziarik
Batzuk diote Errusiak ere gauza izugarriak egiten dituela Ukrainan –guztiz egia dena– eta Ukrainak bere burua defendatzeko eskubidea duela –Donbasen ere badago Ukraina errusiazale bat, bere burua defendatzeko eskubidea duena–. Honakoa azaldu behar zaie pertsona horiei guztiei: potentzien arteko dialektikaren mundu errealean, inporta duena da Ukrainaren bitartez superpotentzia nuklear bat desafiatzen ari direla europarrak eta amerikarrak, hari «porrot estrategikoa» eragiteko asmoz. Burua galdu dute? Ez al dute ulertzen helburu horretan zenbat eta arrakasta handiagoa izan, orduan eta arriskutsuagoa bilakatuko dela egoera?
Neu analistak dioen bezala, galdera da ea munduko potentzia nuklear handienaren buruzagiek porrota onartuko ote luketen eremu militarrean, horrek ekarriko lituzkeen europar exijentzia guztiekin. Hau da, ea onartuko ote luketen etsian potentzia handiaren estatus-a galtzea eta Errusiar Federazioaren balizko desintegrazioa, hori saihesteko eraso nuklear bat bota gabe.
Egoera Gerra Hotzeko tentsio garaietan baino askoz arriskutsuagoa da, baina Europan ez dago horren kontzientziarik.
