Kritikaren muga geopolitikoak

 

*Asier Blas Mendoza / ARGIA aldizkaria

2013an euskal ordezkaritza batekin New Yorkera joan nintzen, Columbia Unibertsitatean egiten zen Association for the Study of Nationalities (ASN) [Herritartasunen Ikerketarako Elkartea] elkartearen kongresura. ASNren sorrera ezin da Gerra Hotzeko testuingurutik bereizi. AEBetako unibertsitateek Ukrainako eta Baltikoko diasporako akademikoei beren ikuspegiak antolatu, argitaratu eta zilegitasun akademikoa lortzeko aukera eman zieten; horrela, Sobietar Batasunaren barne-kontraesanak ikertu eta ustiatzeko.

Bidai hartan, Agirre Lehendakaria Centerren (ALC) bitartekaritzari esker, Jeffrey Sachs-ek zuzentzen zuen The Earth Institut-eko kideekin ere bildu ginen. Urte hartan sortu zen ALC, EHUren eta Columbia Unibertsitatearen arteko lankidetzatik. Gogoan dut Sachs prestigioaren eta fidagarritasunaren berme gisa aurkeztu zigutela; gaur egun nekez egingo lukete gauza bera.

Bigarren Mundu Gerraren ondoren, kapitalismoa edo demokrazia liberala kritikatzen duten pentsalariek aitortza eta ikusgarritasuna lor dezakete; muga, ordea, Mendebaldeko hegemonia eta inperialismoa auzitan jartzean agertzen da. Kontrol horrek ez du zentsura zuzenik behar: finantzaketek, lanpostuek, argitalpenek, sariek eta hedabideek baldintzatzen dute zein ideia sustatzen diren eta zein baztertzen. Ibilbide profesionala jokoan dagoenean, autozentsura debeku esplizitua baino eraginkorragoa izan daiteke.

Horregatik, zenbait pentsalari ospea eta aitortza lortu ondoren hasten dira askatasun handiagoz hitz egiten. Sachsen bilakaera horren adibide izan daiteke: AEBetako hegemoniarekiko kritika gogortu ahala, Mendebaldeko zirkuitu hegemonikoetatik baztertua geratu da, baina Hego Globalean entzule berriak aurkitu ditu.

Normalean sistemak ez du disidentzia oro isilarazi behar: nahikoa du kooptatu, hierarkizatu eta geopolitikoki baliagarri bihurtzea

Alderantzizko prozesua ere ohikoa da: erakundeek disidenteak bereganatu eta sisteman integratzen dituzte. Kritika ez da desagertzen, baina kooptatu eta kudeagarri bihurtzen da. Horren erakusgarri izan daiteke Angela Davis-ek, Judith Butler-ek eta beste intelektual batzuek 2026ko abuztuan Irango preso politikoen alde sinatutako gutuna. Testuak AEBen eta Israelen erasoak ere salatzen ditu, baina Irango erregimenaren kritika erdigunean jartzen du. Errepresioa salatzea beharrezkoa da; hala ere, kanpoko eraso baten pean, erasotzailea eta erasoa jasan duena plano berean kokatzeak gatazkaren asimetria lausotzeko eta Mendebaldeko kontakizuna elikatzeko arriskua du. Galdera, beraz, ez da Irango herritarrek beren gobernua kritikatzeko eskubidea duten ala ez, baizik eta zergatik hartzen duen kritika horrek halako ikusgarritasuna AEBek Iran erasotzen duten unean.

Frances Stonor Saunders-en The Cultural Cold War [Kulturako Gerra Hotza] liburuak mekanismo horren aurrekaria azaltzen du. CIAk Congress for Cultural Freedom [Kulturaren askatasunerako kongresua] eta haren inguruko aldizkari, kongresu eta kultur sareak ezkutuan finantzatu zituen, zuzenean nahiz fundazioen bidez, prestigio intelektuala Gerra Hotzeko arma bihurtzeko. Beste maila batean, CIAren operazioetan jakinaren gainean parte hartu zutenak zeuden, tartean berriki hil den Gloria Steinem.

Hegemonia ez da armekin eta botere politikoarekin soilik eraikitzen: ezagutza, kultura, ospea eta ikusgarritasuna ere botere-eremuak dira. Gerra Hotzean AEBek SESBekiko kritikoa zen ezkerra sustatu zuten, nahiz eta hark Washington ere kritikatu. Aldea kritika bakoitzari emandako oihartzunean zegoen: Mendebaldearen aurkakoa mugatu zitekeen; haren aurkari geopolitikoen aurkakoa, berriz, hedabide, fundazio eta kultur sareen bidez zabaldu. Izan ere, normalean sistemak ez du disidentzia oro isilarazi behar: nahikoa du kooptatu, hierarkizatu eta geopolitikoki baliagarri bihurtzea.