*Asier Blas Mendoza / ARGIA aldizkaria
Polo anitzeko munduaz ari garenean, maiz kontzeptuaren inguruko nahasmena dago. Hegoalde Globaleko askotariko aliantzak bloke geopolitiko monolitiko gisa interpretatu izan dira askotan, Mendebaldeko blokea balira legez; baina ikuspegi hori ez dator bat errealitatearekin. BRICS+ bezalakoek Hegoalde Globaleko herrialdeen arteko elkarlana eta aliantzak bultzatzen dituzte, betiere herrialde horien intereserako, eta haien proiektu propioak errespetatuta. Horrek esan nahi du estatu kide bakoitzaren interes nazionala nagusitzen dela edozein nazioarteko aliantzaren aurretik.
Hori dela eta, arraroak egiten dira zenbait diskurtso: adibidez, Venezuelak Washingtonen aldetik jasandako erasoaren aurrean atsekabea adierazten dutenak, Txinak edo Errusiak Venezuela behar bezala babestu ez dutelakoan. Kritika ez da logikoa, kontuan hartzen bada bi potentzia horiek beren interes nazionalen arabera jokatzen dutela, ez aliantza trinko eta lotesle baten logikaren arabera.
Polo anitzeko munduaren funtzionamenduan estatuen arteko aliantzak ez dira bloke kohesionatuen artekoak, baizik eta interes aldakor, asimetriko eta kasu askotan pragmatikoetan oinarritutako elkarlan ereduak. Interpretazio horrek aukera ematen du egungo dinamika geopolitikoak modu zehatzagoan eta errealistagoan aztertzeko.
Mendebaldeko hegemoniaren aurrean alternatiba bat existitzen dela esatea Gerra Hotzaren eskemetan oinarritutako ikuspegi zaharkitua da. Azkenaldian zabaldu da AEBen, Txinaren eta Errusiaren artean mundua banatzen ari direla dioen irakurketa, “mundu tripolarra” deiturikoa. Hala ere, interpretazio hori ez dator bat gaur egungo dinamikekin.
Mundua dagoeneko multipolarra da, nahiz eta AEBak oraindik indartsuenak izan. Lidergo lehia dago AEBen eta Txinaren artean, horregatik, Washington bere aliatuen gaineko kontrola estutzen ari da. Eragin-esferen eraikuntza modu sistematikoan gauzatzeko gaitasun geografikoa duen potentzia bakarra AEBak dira, Amerikako kontinentearen uharte izaeragatik.
Aitzitik, Mackinder-ek deskribatutako “Munduko Uhartea” (Europa-Asia-Afrika) espazio konplexuagoa da: potentzia erregional ugari ari dira indartzen (India, Turkia, Indonesia, Hegoafrika, Brasil, Nigeria, Saudi Arabia etab.) eta bakoitzaren interes propioek dinamika aldakorrak sortzen dituzte: aliantzak malguak eta ez-lotesleak dira, interdependentzia ekonomiko, energetiko eta teknologiko konplexuen ondorioz.
Horregatik, mundu polizentrikoaz hitz egiten dugu geroz eta gehiago, mundu multipolarraz baino. Bi kontzeptuak lotuta daude, baina esan genezake mundu polizentrikoa kontzeptu zabalagoa dela multipolarra baino: izan ere, azken horretan arreta potentzia nagusietan eta beraien botere militar eta politikoan jartzen da; polizentrikoan, berriz, boterea sakabanatuta dago polo ugaritan, eta bakoitzak botere iturri desberdinekin eta eskala ezberdinetan eragiten du.
Funtsean, estatuak elkarren artean konektatuta daude aliantza malguen bidez, baita enpresa globalen eta eskualdeko botereen bidez ere. Aliantza horiek, gainera, etengabe aldatzen dira hornidura-kateetan, lehengaien eskuragarritasunean, azpiegituretan eta merkatu globaletan inplikatutako hainbat aktoreren ondorioz. Sistema hau sare modukoa delako, asimetrikoa, eta etengabe garapenean dagoelako. Horrek esan nahi du munduko eskualde bakoitzak dinamika propioak dituela. Ondorioz, ez da arraroa estatuak leku batean lankidetzan aritzea, beste batean lehian eta hirugarren batean gatazkan edo gerra irekian.
