AEBen sinesgarritasun krisia

*Asier Blas Mendoza

Ameriketako Estatu Batuen sinesgarritasuna krisian dagoela ez da berria. Iranen kasuak, ordea, modu bereziki argian erakusten du arazo horren sakontasuna. Gogora ekarri besterik ez dago Donald Trumpen lehen agintaldian AEBek aldebakarrez hautsi zutela Iranekin sinatutako akordio nuklearra. Ondoren, 2025ean, Israelek eta AEBek Irani egindako Hamabi Eguneko Gerrak joera hori berretsi zuen: Israelen lehen erasoak Iranen eta AEBen arteko negoziazioak martxan zeuden unean gertatu ziren. Gauza bera errepikatu da 2026an, AEBek eta Israelek Washingtonen eta Teheranen arteko negoziazioen erdian Iranen aurka egindako erasoetan.

Irango agintariek ondo baino hobeto ulertzen dute AEBekin negoziatzea eta akordioak lortzea ez dela inolako bermea, eta gero eta herrialde gehiagok partekatzen dute ondorio bera. Halere, Washingtonek eta Tel Avivek Iranen aurka daramaten gerra ilegal honetan, bada elementu berri bat: bi estatu horien matoi sinesgarritasuna kolokan dago.

Urte hasieran, Teheranek salatu zuen AEBek eta Israelek Irango erregimena eraisteko asmoz matxinada bat sustatu, armatu eta infiltratu zutela. Hasieran, salaketa horiek mesfidantzaz hartu zituzten askok, nagusiki Mendebaldeko botereen kanpo esku-hartzeak zuritzen dituztenek. Baina Trumpek, bere ohiko harrokeriaz, publikoki onartu zuen bere gobernuak armak bidali zizkiela Irango oposizioko manifestariei altxamendu politiko bat bultzatzeko helburuz.

Protesten hasieran, Irango Gobernuak mobilizazioak baimendu zituen, egoera ekonomikoaren aurkako adierazpen legitimo gisa interpretatuta. Baina testuingurua aldatu eta armak agertu ahala indarrez erreprimitu zituen. Ondorioak milaka hildako izan ziren enfrentamenduetan. Horren ostean, AEBek eta Israelek urrats bat harago egin zuten, eta Iran zuzenean erasotzea erabaki zuten.

Washingtonen urduritasuna nabaria da: ez dakite nola amaitu daitekeen gerra hau, eta orain arte gero eta argiago geratzen ari da ez zaiela ondo ateratzen ari

Baina Iran ez da izan azken hamarkadetako AEBen gerren biktima klasikoa. Besteak beste, Vietnam, Jugoslavia, Irak, Afganistan edo Libiakoa bezalako erasoetan AEBek nagusitasun militar oso handia zuten. Ondorioz, biktimak biziraute hutsera edota erresistentzia asimetrikora mugatuta zeuden. Irani dagokionez, ordea, egoera bestelakoa da: Teherani ez zaio kolpeak jasatea egokitu soilik, alor militarrean AEBekin eta Israelekin parez pare lehiatzeko gaitasuna erakusten ari da. Horrek gatazkaren koordenatuak aldatu ditu, eta, batez ere, AEBen eskualdeko aliatuei mezu kezkagarri bat bidali die: Washington ez da babes militarra bermatzeko gai.

Gatazkaren dimentsio ekonomikoa ere funtsezkoa bihurtu da. Ormuzko itsasartearen kontrola edo blokeoa Iranen arma eraginkorrena bilakatu da. Trumpek emandako ultimatumen aurrean, Iranek mehatxu sinesgarriak egin ditu, eta AEBek atzera egin dute behin baino gehiagotan. Gauza bera gertatu da energia‑azpiegituren aurkako mehatxuekin: Teheranek argi utzi du interes estrategikoak kolpatzeko gaitasuna baduela.

Testuinguru horretan, Trumpek gutxienez bost ultimatum eman dizkio Irani, eta guztietan epemugak aldatu, luzatu edo atzeratu ditu. Ondorioa argia da: AEBek sinesgarritasuna galtzen dute behin eta berriro. Washingtonen urduritasuna nabaria da: ez dakite nola amaitu daitekeen gerra hau, eta orain arte gero eta argiago geratzen ari da ez zaiela ondo ateratzen ari, ez behintzat hasieran planifikatu zuten moduan.

Horrek, ordea, ez du esan nahi egoerak ezinbestean okerrera egingo ez duenik. Are gehiago: ahulezia estrategikoetatik edozer sor daiteke, baita baldarkeria krudelena ere. Eta hori da, agian, gaur egungo egoeraren arriskurik handiena.